Kaietano Sanchez Irure

 

AZKEN BELTZA

 

 

 

 

AZKEN BELTZA

 

Abalizketa egintza bakarrean

 

Kaietano Sanchez Irurek

idatzia

eta 1915garren urteko indar-neurtzeetan

saritua

 

 

Egintzaileak

 

Olaso: Joxepa (Martzeloren ama)

Aranburu: Karmen (Martzeloren iloba)

Arrieta: Kattaliñ (Sukaldeko langilea)

Egileor: Martzelo

Arozamena: Karlos

Beorlegi: Juan (Morroia)

 

Ezker-eskuinak egintzaileenak

 

 

Egintza bakarra

 

(Iruditegia moldatu behar da etxeordeko baten antzera, traste bazterreratutako batzuekin eta zelai eta baratza lanketarako ohituratzen diren tresnekin.)

 

 

I

 

Martzelo eta Joxepa

 

(Martzelo azalduko da ezkerrean leihotik begira, kanpoko edertasunaz oso zoraturik. Joxepa sartzen da atzeko atetik)

 

JOXEPA: Oraindik ez zara aspertu leiho horretatik begira?

MARTZELO: Ama, aspertuko naizenik ere ez dut uste.

JOXEPA: Itxurak hala dira.

MARTZELO: Urteak eta urteak itsasoetan igaro ditut, baina ez dut egun bat bakarra izan, leiho horretatik ageri den bazter zoragarriaz gogoratu ez naizenik.

JOXEPA: Sinisten dut.

MARTZELO: Bost urte dira etorri nintzela, eta geroztik leiho horretan, zoraturik, igarotzen dira nire ordurik gehienak eta gogotsuenak.

JOXEPA: Ikusten dugu, bai.

MARTZELO: (Leihora inguraturik) Begira, ama: hara han urrutian Donostia, zilarrezko katilu ederra, lekurik txukun eta osasungarriena, herririk alai eta pozgarriena.

JOXEPA: Ba, bai: donostiarrak ez ditu hamar mila duro behar, bera eta besteak ttun-ttuna baino ere alaiago jartzeko.

MARTZELO: Begira ondoan itsasoa, oinak milizkatzen dizkiola bere apar harro jostailuarekin, Igeldoko mendi-aldapa atseginean jauregi polit, apainak, herritarrak baserritarrei agur egitera aurreratu balira bezala. Eta hemen, tontor-tontorrean, nekazarien zelatari dirudiela, “Arburuko” baserri-etxe, sendo, bortitza, atariko lau zuhaitzen itzalpe eztitsuan bere sarrera nagusia gordetzen duela. Hara han zelaitxo loretsuaren ertzean “Arriyolene” baserri zabal eta patxadakoa, amak haurra gonetatik helduta ohi duen bezala, aldamenean etxe ordeko koxkorra daukala. Alderdi honetan, ageri du mutur bat “Mugoitzako” baserriak...

JOXEPA: A, bai! Ez badakizu ere...

MARTZELO: “Garoneta Aundi”, oparoa, aurrean dauka...

JOXEPA: Ba, bai. Baserri horretan dago neskatxa bat, nolakoa bera.

MARTZELO: E?

JOXEPA: Mikela Anttoni; neskatxa eder bikaina, azkarra, bizia, langilea, zintzoa...

MARTZELO: (Leihotik alde eginaz) Eta... ez al da inguruan halako mutil gazte...?

JOXEPA: Aizpuru Beko Migel Martiñ. Batak bestearentzat eginak direla dirudite.

MARTZELO: Baina, ama, ezkontzak sumatzen ari ez den bitartean onik ez dauka.

JOXEPA: Neskatxa gajo horiek ere norbaiten laguntza behar dute.

MARTZELO: Egunak dituen orduak horretan igarotzen zaizkio, edo bestela trukean, kanta zaharrak dion bezala eginaz: (Kantari) Labarekin irubaren keñuba (Esertzen da eskuineko aulki batean) Ja! ja!

JOXEPA: Gezurti.

MARTZELO: Berorri bizi bada, inguru hauetan ez du gelditu behar neskazahar batek ere.

JOXEPA: Eta gaizki aurkitzen al duzu?

MARTZELO: Hori, berek esango diote... ezkondu eta gero.

JOXEPA: Ezkondu baino lehen, eta ezkondu eta gero, eskerrak ezin emanik gelditzen dira.

MARTZELO: Hobe, hobe.

JOXEPA: Begira: neskatxak kolokan dagoen hortzak bezala izan ohi dira; mingainarekin ibili batera eta bestera, eta beti hortza bere lekuan. Neskatxa gazteei ere hori bera gertatzen zaie. Ezkontzeko zaleturik dantzatu mingaina batera eta bestera, eta berak berean egon. Pixka bat laguntzen bazaie, ezkontza egina da.

MARTZELO: Baina, ama: nor bere hortzekin saiatzea ongi aurkitzen dut, baina, zer ikusteko dugu besteren ahoan?

JOXEPA: Nork bere etxean ez daukanean zer eginik, kanpoan bilatzea taxuzkoa iruditzen zait.

MARTZELO: Etxean ez daukala?...

JOXEPA: Zurekin behintzat ez.

MARTZELO: A, ez ama! Nik honezkero andregaia baino, oilo-salda koipetsua nahiagoko dut. Baina, ez dauka etxean ere ezkontza antolatua, nire iloba Karmentxo eta morroiarekin?

JOXEPA: Hori ere gaizki aurkitzen al duzu?

MARTZELO: Ez daukat zergatik gaizki aurkitu beharrik. Bakarrik, lehen esan nion bezala, Karmentxo oraindik gaztetxoa iruditzen zait.

JOXEPA: Hemeretzi urte ditu, Martzelo, hemeretzi urte; eta sasoi horretara iritsi den emakumeak, zer edo zer pentsatzen hasteko garaia badu, bada hogeitik aurrera abiatuz gero neskazaharren mailak agudo atzitzen dira.

MARTZELO: Ez dauka horrelako beldurrik berorri aldamenean badago.

JOXEPA: Gainera, Juan ezin eta hobea da.

MARTZELO: Hala da; murru xamarra izatea, baina langile amorratua.

JOXEPA: Hartakoa eta gogotsua

MARTZELO: Egi-egia da; eta batean esateko, aitortuko diot ezkontza hori ongi aurkitzen dudala. Baina, Jaungoikoaren izenean, ez bedi gehiago kanpoko neska-mutil guzien ezkontzak maneatzen.

JOXEPA: Hori ere esan.

MARTZELO: Inguruko auzo guziekin haserretu behar dugu. Tolaretxikikoek begiratzen ere ez digute...

JOXEPA: Ez noski, haiek nahi zuten etxean sudurra sartu ez zutelako.

MARTZELO: Errotaberrikoak gugandik itzuri dabiltza...

JOXEPA: Bai bada: hango Nikolax, Aitzburuko Klotildetxorekin ezkontzeko egunetan zegoela, senargai bat hobea bilatu nion nik, eta, zer egingo zuen neskatxak? onenarekin gelditu.

MARTZELO: (Altxatuaz) Beraz hitz emana egon arren, hobeagokoren bat aukeratzen bada, lehengoa bazterreratu?

JOXEPA: Noski.

MARTZELO: Hori horrela bada, nire iloba Karmentxori senargai bat hobea, esan nahi da, diruduna, zergatik berontzat ona eta txarra, diru asko edo gutxi izatea da; senargai dirudun bat agertzen den egunean, morroi gizajoa airean bidali beharko dugu?

JOXEPA: Zer egingo diogu bada? Hobea aukeratuz gero...

MARTZELO: Eta hitz emana...?

JOXEPA: Gauza hauetan, hitza eta atariko haizea berdinak dira.

MARTZELO: Ama, gaizki doa, bide horretatik badoa. Hitza da gauza bat, bizia dugun bitartean eutsi behar dioguna, gure azken arnasarekin batean ito behar dena. Bere hitza jaten duen zorigaiztoko umeari ez zaio aurpegira begiratu behar ere.

JOXEPA: Gizona, ez zaitez behinik behin haserretu horrengatik.

MARTZELO: Morroi gizajoari agindu, hitz eman, eta zoratzeko zorian jarri dutenean...

JOXEPA: Zer? Karmentxorekin ezkondu!

MARTZELO: Ez da hori lehen esan didana.

JOXEPA: Non uste duzu bilatuko lukeela Karmentxok Juan bezalako senargai bat?

MARTZELO: Hori besterik da.

JOXEPA: Zure iloba eta morroia ezkonduko direla ez ezparik bat ere izan. Ez daukat Juan horrela baztertzeko. Hori bezalako mutil ona, langilea, zintzoa... A! Hara bera!

 

 

II

 

Lehengoak eta Juan

 

JUAN: (Atzeko atetik sartuaz) Nagusia hemen al dago?

JOXEPA: Bai hortxe daukazu. Bazatoz zu orain ere, lana gogotik eginda. Zuretzat izango da, zuretzat, gure Karmentxo. (Bizkarrean joaz. Gero joaten da Joxepa atzeko atetik.)

JUAN: Eskerrik asko.

MARTZELO: Zer dugu?

JUAN: Berri txarra

MARTZELO: Txarra?

JUAN: Bai. Azeriek errubian* sarrera ederren bat eginak izan behar dute bart arratsean.

MARTZELO: Zer bada?

JUAN: Oilo-taldetik hiru gutxiago badira.

MARTZELO: Deabrupola! Ez ote dira gero ijitoak, oiloz jabetu direnak?

JUAN: Ez dut uste; halakorik izan bazen, gure zakur Pinto ernaiak salatuko zituen.

MARTZELO: Mila deabru! Beraz zuk, azeriak direla deritzozu, litxarkeria hori egin dutenak?

 

JUAN: Nire iritzirako bai.

MARTZELO: Beti zerbait behar dugu, eta horra...

JUAN: Bat bezala ere, hiru.

 

 

III

 

Martzelo, Juan, Karlos

 

(Azkeneko hitzak bitartean sartuko da Karlos atzetik, eta hasiko zaio keinuka Martzelori)

 

MARTZELO: Zein dugu hori?

KARLOS: Ez al nauk ezagutzen?

MARTZELO: To! Oraintxe! Zer habil, Karlos?

KARLOS: Hi ikustera, motell!

MARTZELO: Bejondeiala!

KARLOS: Hemen bizi haizela esan zidatek, errege bere jauregian baino lasaiago, ezeren kezkarik gabe...

MARTZELO: Orain, orain bezala, asmatu duk, to.

KARLOS: Zer bada?

MARTZELO: Morroiak esango dik. Hiru oilo jan zizkidatek azeriek!

KARLOS: Ez ditek gosari txarra egin.

MARTZELO: Guk baino hobea.

KARLOS: Azeria... ez ote da gero morroia bera?

JUAN: Nik? horrelako grina txarrik ez dut nik behin ere izan!

MARTZELO: Ez, mutil zintzoa duk!

KARLOS: Ez zekiat bada, morroiak tripazainak izaten dituk gehienean...

JUAN: Horrelako zitalkeriarik ez dit inork oraindik aurpegira bota.

MARTZELO: Zer da? zer da? Zer dira arrazoi min horiek?

JUAN: Morroia naizelako zernahi gauza esan lezakeela uste al du horrek?

MARTZELO: Aski da, aski da.

KARLOS: Motell: a zer kirtena haizen!

JUAN: Ni kirtena banaiz, zu kaikua izango zara.

MARTZELO: Zaude isilik. Zoaz, nahi baduzu; eta bidez esan iezaiozu Kattaliñi honaino datorrela.

JUAN: Zarpail hori, ez besteren zarpail hori... (Marmarizoka joaten da atzeko atetik)

 

 

IV

 

Martzelo eta Karlos

 

KARLOS: Ikusi duk, motell, kirten horren aterakaia?

MARTZELO: Herorrek horretarako oin eman diok.

KARLOS: Hori mingaina...

MARTZELO: Adixkidea: aurreak erakusten dik atzea nola dantzatu.

KARLOS: Ez daukak motell txarra etxean.

MARTZELO: Hori? Morroirik izan litekeen langileena, zintzoena...

KARLOS: Ez dik itxurarik.

MARTZELO: Laga dezagun hori alde batera. Eseri gaitezen.

KARLOS: Nahi duan bezala. (Esertzen dira)

MARTZELO: Oraindik Ameriketan hintzela uste nian. Noiz etorri haiz?

KARLOS: Orain bost hilabete. Diru pixka baten jabe egin ninduan; eta neure artean esan nian: noan Euskal Herrira.

MARTZELO: Ederki.

KARLOS: Lau egun bizi behar baditugu, igaro ditzagun gure txoko atseginean.

MARTZELO: Eta, nola ez haiz lehenago nigana etorri?

KARLOS: Legorretan izan nauk: anai, lehengusu eta ilobekin egun batzuk igarotzen.

MARTZELO: Ederki egin duk!

 

 

V

 

Lehengoak eta Kattaliñ

 

KATTALIÑ: (Atzeko atetik agertuaz) Zer nahi du, nagusia?

MARTZELO: A! Hemen al zara? Tira, jaun honek gurekin bazkaldu behar du...

KARLOS: Ez diat oraindik ezer esan.

MARTZELO: Esan beharrik ez zagok. (Kattaliñi) Hau gero, ondo jaten ohitua dago...

KARLOS: Ez Martzelo bezain ondo.

MARTZELO: Eta bazkari on bat jarri beharko duzu.

KARLOS: Bai, nire aitzakian horrek nahi du bazkari ona.

KATTALIÑ: Oraintxe ari nintzen amuarrainak garbitzen.

MARTZELO: Bada, jar itzazu sei gehiago, edo zortzi, edo hamar; jaun hau zale handia da gero.

KARLOS: Ez, horiek bere kontuak dira.

KATTALIÑ: Izango dute biek ere, batak bestearen antza.

MARTZELO: A! Eta, zu... atzoko egunsentian hil nituen oilagorrak maneatu beharko dituzu.

KATTALIÑ: Berorrek hilak?

KARLOS: Hara, hara...

MARTZELO: Bai. Ez al zara oroitzen?

KATTALIÑ: Berorri baino ehiztari hoberik ez bada inon, oilagorrek osasun onarekin hegan egingo dute lasai.

KARLOS: To oilagorra, to.

MARTZELO: Dena dela, bazkari on bat jar ezazu behinik behin.

KATTALIÑ: Zer edo zer egingo dugu. (Joaten da atzeko atetik)

 

 

VI

 

Martzelo eta Karlos

 

KARLOS: Neska bizia zirudik horrexek.

MARTZELO: Eta sukalde lanetan oso hartakoa... mokadu goxo batzuk jartzen ditik, nolakoak!; ikusiko duk, ikusiko duk.

KARLOS: Eta langintza guztiak, neskatxa horrek eta lehenagoko morroi txatxu hark egiten al ditiztek?

MARTZELO: Ez; neskatxa hori sukalde lanetarako bakarrik zeukaat. Bi morroi gehiago baditiat.

KARLOS: Beharko dituk.

MARTZELO: Badakik: harizti eder bat bazeukaat oso ugaria, belar-soro handi bat ere bai; eta etxean, berriz, sagardoak egiteko dolare ederra.

KARLOS: Badaukak zer egina.

MARTZELO: Bai. Gainera bazeuzkaat: oilo-talde ederra, sei behi, lau idi, bi asto, hiru zekor gazte, zezen estalkoi bat eta akerra bi ahuntzekin.

KARLOS: Gehiago ezer ez?

MARTZELO: Akuriak.

KARLOS: Eta, gehiago?

MARTZELO: Zera, Zanpantzart izango diat!

 

 

VII

 

Lehengoak eta Joxepa

 

JOXEPA: (Atzeko atetik sartuaz) Beraz, orain ere, azeriek egin digute ez egitekoa?

MARTZELO: Hala dirudi.

KARLOS: (Martzelori) Zein dugu andre hau?

MARTZELO: Ama.

KARLOS: Bizi denik ere, ez didak esan. (Joxepari esku emanaz) Zer dio, etxekoandre?

JOXEPA: Osasunez ondo, eta zu?

KARLOS: Ni txit ondo. Berorri da, beraz, Martzeloren ama?

JOXEPA: Bai, zerbitzeko.

KARLOS: Urte askoan.

JOXEPA: Eta zu, zein zaitugu?

KARLOS: Ni? Martzelorekin artzaintzan urte askoan Amerikan ibilia.

MARTZELO: Hau da bada, Karlos; behin baino gehiagotan aitatu diodana.

JOXEPA: A! Karlos! Bai, bai, Karlos. Gogoratzen naiz bai.

MARTZELO: Gogoratuko ez da bada!

JOXEPA: Bai, bai. Zu zara beraz Karlos!

KARLOS: Ber bera.

JOXEPA: Bai, bai. Zu ere diruz ondotxo etorria izango zara noski?

KARLOS: Martzelok adina ez dut ekarri baina zerbaiten jabe banaiz.

JOXEPA: Zuk hori diozunean, izango da zerbait baino gehixeago.

MARTZELO: Bai, bai; baditu, baditu.

KARLOS: Zerbait... apur batzuk...

JOXEPA: Um... Eta, barkatu, baina, ezkongai al zaude oraindik?

MARTZELO: (Bere setara badoa)

KARLOS: Bai andrea; ez daukat ezkongai hiltzeko asmorik, baina oraindainokoan hala nago.

MARTZELO: (Joxepari) Horiek galderak egiten ditu, ama!

JOXEPA: Elkarrizketak ekarri ohi dituenak, seme. (Karlosi) Ez dezazula uste, ezkonduta okerrago izango zinakeenik.

KARLOS: Uste horretan nago neroni ere; eta horiek horrela direla eta, hitzei beren bidean jarraituaz eta, ez al dauka niretzako moduko alaba bat?

MARTZELO: (Galduak gara!)

JOXEPA: Alabarik ez daukat, baina emazte baten jabe izateko zaleturik bazaude, bat egokituko dizut...

MARTZELO: Nik sinistu, inon neskarik badago. Mutil, helduko ditek eta “goazemak, goazemak bazter hauek ikustera”.

KARLOS: Hago pixka bat. Beraz andregai bat egokituko dit?

JOXEPA: Bai; eta nire etxetik bestetara joan gabe.

MARTZELO: Ama: ezin litekeen gauza eskaintzen ari da.

JOXEPA: Ezinik ez dago.

MARTZELO: Bai, badakit nora doan; baina gogoratu bedi, geuk harildu dugun mataza urratzea zaila izan litekeela.

JOXEPA: Zer izan behar du.

MARTZELO: Orain eskaintzen duena besteri agindua dagoela; geuk beren bihotzetan sua piztu dugula...

JOXEPA: Itzali ere azkar egingo dugu.

MARTZELO: Nik ez behintzat. Eta gauza horretaz, ez dut hitz egiten ere aditu nahi. (Seta madarikatu horrekin.) (Marmarizoka joaten da atzetik)

 

 

VIII

 

Karlos eta Joxepa

 

KARLOS: Martzelo oso haserretu zaigu.

JOXEPA: Ez du asko iraungo ez, horren haserreak. Horrelakoxea da. Badakizu, mutilzaharra izan...

KARLOS: Baina, zer dela eta jarri da horren haserre?

JOXEPA: Esango dizut: igarri du Martzelok, nik esaten nizun neskatxa nire biloba dela, nire seme bigarrenaren alaba bakar eta umezurtza; eta nola honek hitzen batzuk izan dituen noski morroiarekin; eta nola Martzelorentzat morroi hori ezin ukitu litekeen zerbait izan behar duen...

KARLOS: A! Lehenago hemen zegoen morroi txatxu bat izango da noski?

JOXEPA: Ber bera.

KARLOS: Igarri diot, bai, Martzelori, bere harekin zoratua dagoela. A zer kirtena den!

JOXEPA: Zer nahi duzu, bada? Baina alde horretatik ez kezkarik izan; Karmentxo, nire biloba, zuretzat izango da.

KARLOS: Karmentxo da beraz?

JOXEPA: Bai: mirabe gazte oso ederra, langilea, zintzoa; eta garbi eta txukun zalea, beste inor ez bezalakoa.

KARLOS: Baina ni, urtez aurrera samartua nago, eta nahiko al nau horrelako mirabe gazteak?

JOXEPA: Nik esaten dizudanean sinistu zenezake.

KARLOS: Orduan, deituko al dio nik ezagutu dezadan?

JOXEPA: Berehalaxe. Baratzean ari behar du.

 

 

IX

 

Lehengoak eta Karmentxo

 

(Joxepa joaten da atzeko atera eta irrintzi egiten du.
Une berean Karmentxori oihu egiten dio barrutik.)

 

KARMENTXO: (Barrutik) Amona!

JOXEPA: Nire izarra! Hemen al zara?

KARMENTXO: (Barrutik) Bai, andrea. (Sartzen dira amona eta biloba. Hark eztul egiten dio Karlosi, igar dezan Karmentxo dela andregaia.)

JOXEPA: Zer dakarzu?

KARMENTXO: Otartxoaren bila nator, marrubiak biltzeko. (Karlos ikusirik) Jainkoak egun on diola.

KARLOS: Bai zuri ere, gazte.

JOXEPA: Zure osabaren lagun handia da jaun hau.

KARMENTXO: Orduan, berorri izango da gurekin bazkaldu behar duena?

KARLOS: Hala diote...

JOXEPA: Bai, bai. Hauxe da. Karlos. Zure osabak anaia bezala maite du.

KARMENTXO: Ezagun da. Horrengatik esan dit marrubirik onenak biltzeko.

JOXEPA: Onenetan onenak.

KARLOS: Horrenbesteraino ez.

JOXEPA: Bai, bai: onenetan onenak.

KARMENTXO: (Alde guzietara begira egongo da, eta azkenean ikusten du otartxoa Karlosen atzean.) A! Hor dago otartxoa. (Karlosi) Barka biezat.

KARLOS: Ez daukazu nire barkapenaren beharrik.

KARMENTXO: (Otartxoa hartu eta atzeko ate aldera) Orain banoa marrubien bila.

JOXEPA: Ekar itzazu hona eta garbitzen lagunduko dizut.

KARMENTXO: Berehala hemen naiz

KARLOS: Zoaz ondo, gazte.

 

(Joaten da Karmentxo atzetik saltoka bere otartxoarekin.)

 

 

X

 

Karlos eta Joxepa

 

JOXEPA: E? Zer deritzozu?

KARLOS: Hori mirabea! Niretzat izan behar duela esatea ere...

JOXEPA: Zuretzat izango da bada.

KARLOS: Ume bat bezala, dar-dar laga nau. Zerbait esan nahi eta ezin asmatu. Gezurra dirudi! Mingaina korapilatzen zitzaidan. A! Begiekin hitz egin baliteke! Zeinen gauza xamurrak esango nizkiokeen!

JOXEPA: Horretaz ez dezazula kezkarik eduki. Neronek hitz egingo diot.

KARLOS: Berorrek?

JOXEPA: Bai; nik jakingo dut lehenengo bere iritzia. Eta badakizu haren iritzia nirea bera izango dela.

KARLOS: Beraz, berorren gain lagatzen dut neskatxari hitz egitea.

JOXEPA: Bai, bai.

KARLOS: Eta berehala esango dit neskatxak zer dioen.

JOXEPA: Berehalaxe.

KARLOS: Etxekoandre, zoratu behar zait!

JOXEPA: Eta nik atsegin dut.

KARLOS: Beraz, berorren gain gelditzen da guzia, ez da hala? Eta ni orain Martzelorengana noa; honezkero luzetsirik egongo da-eta.

JOXEPA: Zoaz bai, zoaz kezkarik gabe. Zure ezkontza gaur antolatua geldituko da.

KARLOS: Ederki! (Hori mirabe ederra!) (Joaten da atzeko atetik.)

 

 

XI

 

Joxepa eta Karmentxo

 

JOXEPA: Geldituko den bezala! Ahora etorri horrelako dirudun senargaia, eta laga morroi ziztrin batengatik? Ez horixe, ni inor banaiz.

KARMENTXO: (Otartxo marrubiz betetakoarekin atzetik sartuaz) Hemen naiz, amona.

JOXEPA: A! Ba al dakartzazu marrubiak?

KARMENTXO: (Aulki baten gainean lajeaz) Hara berorrek esan bezala, onenetan onenak.

JOXEPA: Halaxe da: ederrak dira.

KARMENTXO: Berehala garbituko ditugu. Ur bila noa orain. Sarri hemen naiz. (Hartzen du balde bat eta joaten da atzeko atetik.)

JOXEPA: Bai; bitartean beste otartxo bat bilatu behar dut, marrubiak moldatzeko txortenak kendu ahala. (Bilatuaz) Hemen zen bada nonbait atzo arratsaldean A! Hara non dagoen! (Hartu eta moldatzen ditu aulkiak) Aulki hau Karmentxorentzat. Beste hau niretzat.

KARMENTXO: (Atzetik balde urarekin sartuaz) Amona, hona hemen ura.

JOXEPA: Jar ezazu hementxe.

KARMENTXO: (Jarriaz) Hara bada.

JOXEPA: Eseri zaitez hor. Ni, hemen. (Esertzen dira, eta uretan sartu eta atera egiten dute otartxoa, marrubiak garbituaz.) Ederki. Eta honetan ari garen bitartean, niretzat atsegingarria den albiste bat eman behar dizut, nire izarra.

KARMENTXO: Eta, niretzat ere hala izango al da?

JOXEPA: Baietz uste dut. Ondo garbituak daude marrubiak; baztertu ezazu ur-ontziya, eta zatoz nire aldamenera, txortenak kentzen hasi gaitezen.

KARMENTXO: Nahi duen bezala. Eta nire gogoko albisteren bat al da, lehen aitatu didana?

JOXEPA: Niretzat hala da behinik behin, eta zuretzat hala den edo ez, orain jakingo dugu; nik baietz uste dut.

KARMENTXO: Ea bada.

JOXEPA: Arestian hemen ikusi duzun gure gaurko bazkaldarra, osabaren lagun handia da, anaiek bezalaxe maite dute elkar. Izan ere halakoxea da bera. Aurpegian ere ezagun du.

KARMENTXO: Bizarrez behintzat, ondo da.

JOXEPA: Bizarrez, eta diruz ere bai. Ameriketatik etorri berria da, eta erruz izan behar du.

KARMENTXO: Hobe beretzat.

JOXEPA: Bai noski; eta iruditzen zait zer edo zer egingo ote genukeen zuek biekin.

KARMENTXO: Zer gu biekin, amona? Zer esan nahi didan ez naiz konturatzen.

JOXEPA: Hitz erdia guztira osatzeko, gaztetxoa izan zu oraindik, Karmentxo. Zatoz honantzago, alderatu zaitez nigana. (Karmentxo alderatzen da.)

KARMENTXO: Bai, amona, bai.

JOXEPA: Adi iezadazu ondo, eta iritziari deitu bide zuzenez. Zure osaba ikustatzera etorri den jaun horrek zure berri jakin nahi luke.

KARMENTXO: Nire berri, amona? Ez al daki bada berorrek nik bezain ondo?

JOXEPA: Hala esan liteke; baina badira gauza batzuk azaleratzen ez direnak; eta horra, horietako baten jakin nahia daukat, Karmentxo.

KARMENTXO: Ezkutuko gauzarik nigandik jakin nahi al du, amona?

JOXEPA: Halaxe da bada. Alderatu zaitez gehixeago, Karmentxo. (Alderatzen da)

KARMENTXO: Esan biezat azkar, amona, nigandik zer jakin nahi duen.

 

 

XII

 

Lehengoak eta Juan

 

JOXEPA: Bada, Karlosek, zure osabaren lagun horrek, jakin nahi luke ezkontzeko hitza emango ote zeniokeen.

KARMENTXO: Nola!

(Une honetan, Juan, xexto bat buruan eta soka eskuetan daramatzala igaroko da atzean batetik bestera; eta azkeneko hitz hauek entzutean geldituko da oso harriturik hizketa entzuten.)

JOXEPA: Diruz ondo dagoela esan dizut, eta horrelako txori aberatsari ez zaio, ahal bada, eskutik ihes egiten utzi behar.

JUAN: (E?)

KARMENTXO: Zer esaten dit, amona? Ez al daki berorrek lehen ere hitza giltzapetua daukadala?

JOXEPA: Giltzapetua?

KARMENTXO: Bai, amona, bai. Osaba eta berorri jakinaren gainean daude aspalditik. Badakite hitza emana daukadala; eta hitz hori jan baino nahiago dut hil. Berok egindako ezkontza da, eta ez dut nik urratuko, mutilzahar horrek diru pixka bat duelako. Ez amona, ez. Juan gizajoa! Lehen asko maite nuen, baina orain askozaz gehiago.

JUAN: (Burutik xextoa kenduaz eta zelatatuaz. Aurreratzen da pixka bat.) (Hori da hori, nahitasun egia!)

JOXEPA: Niri, bada, osabaren lagun hori senargai hobea iruditzen zait etxeko morroia baino.

KARMENTXO: Morroia delako? Morroi hau berorrek ondo ezagutzen duena da; baina beste hori... ezagutzeko dauka oraindik.

JOXEPA: Baina...

JUAN: (Xextoa bota, eta batetan aurreratuaz) Zer da, zer da? Zer doa?

JOXEPA: Ezer ez, ezer ez.

JUAN: Ezer ez, e? Berorren asmoetatik hori da aterako duena: ezer ez.

JOXEPA: Nik?

JUAN: Bai; entzun dut guztia; baina, zein den bizar luzeak dituen amerikano ori, ez da nire andregaiaz jabetuko. Karmentxo nirea da, eta nirea izango da.

KARMENTXO: Bai.

JOXEPA: Hori osabak eta nik nahi badugu.

JUAN: Osabak eta berorrek hitz eman ziguten.

KARMENTXO: Bai, amona, berorrek lehenbizi hitz egin zidan gauza honetaz.

JUAN: Beron baimenarekin jarraitu genion nahitasunezko bideari.

KARMENTXO: Beron aginduarekin.

JUAN: Eta Karmentxok ni maite nau, eta niretzat izango da. Alferrik dabil amona.

JOXEPA: Eta amona esaten dit...

JUAN: Hala izango delako.

JOXEPA: Zurea? Ez zait iruditzen.

JUAN: Asmoa gure gogoan sortu, eta orain laga nahi gaitu horrenbesterekin?

JOXEPA: Gizona, ezkontzeko horren amorratua bazaude, bilatuko dizugu andregai bat. Hor dago Mugoitzako Mikela Anttoni, edo...

KARMENTXO: Nola? Juan besterentzat? Ez amona, ez!

JUAN: Zer? Bihotza lixibako zatarren bat dela uste al du batera eta bestera astintzeko? Ez! Nire bihotzaren zale bizi, sutsua, Karmentxorentzat da.

KARMENTXO: Bai noski.

JUAN: Eta beste inorentzat ez.

JOXEPA: Hara berriz inozoaren aterakaiak.

JUAN: Zer uste du? morroia naizela-eta nire bihotza bihurritu litekeela, odol zipriztinez estalirik? Ez! Entzun beza ondo, Karmentxo nirea izango da, eta ez du berarekin nahi duenik egingo.

KARMENTXO: Ez noski.

JOXEPA: Begira, begira: nik agintzen dut horrekin, eta zurekin ere bai...

JUAN: Gaurdaino bai; baina honez aurrera ez.

JOXEPA: Egin ezazu mesede nire begien aurretik alde egitea.

JUAN: Joango naiz; baina gauza honek ez du luzaro iraungo. Nik jakingo dut zer egin.

JOXEPA: Zer esan duzu?

JUAN: Esan dut. Eta Karmentxo besteren eskuetan ikusi baino lehen, egin behar dena egingo dut. (Joaten da atzetik.)

JOXEPA: Zaude isilik. Ausarta, ez besteren ausarta!

 

 

XIII

 

Karmentxo eta Joxepa

 

JOXEPA: Ikusi duzu nola lotsagabetu den? Ona zeundeke, gaixoa, horrekin ezkonduko bazina.

KARMENTXO: Berorrek jarrarazi du horrela.

JOXEPA: Baina, zertako zara horren setatsua?

KARMENTXO: Berok ziren larriena, Juantxorekin ezkonarazteko; eta maitasuna hartu diodanerako, beste berriarekin datoz?... Barkileroaren gurpila bezala erabili nahi al naute edo zer?

JOXEPA: Ez emakumea, ez; zure on beharrez da guztia.

KARMENTXO: Nire ona! Nire ona lehen Juantxorekin zegoen... bada Juantxo lehen bezain mutil ona da orain: langilea, leiala... dirurik ez izatea beste aitzakiarik ez du gizajoak.

JOXEPA: Horrengatik bada dirudunarekin gabiltza orain, zure zorionaren bila.

KARMENTXO: Bai, zekor tratua balitz bezala.

JOXEPA: Baina, ez duzu ikusten? Karmentxo...

KARMENTXO: Begira, amona...

 

(Kattaliñ azaltzen da atzeko atean)

 

JOXEPA: Xiii! (Isilarazten du)

 

 

XIV

 

Lehengoak eta Kattaliñ

 

KATTALIÑ: (Atzetik aurreratuaz) Zer egin dute marrubiekin?

KARMENTXO: Hona hemen.

JOXEPA: (Besteak bidaliko zuen)

KATTALIÑ: Ekar itzazu.

KARMENTXO: Tori. (Karmentxok ematen dio otarra marrubiekin)

JOXEPA: Ipin itzazu ardotan azukre pixka batekin.

KATTALIÑ: Berorrek agindu bezala.

JOXEPA: Zintzo gero.

KATTALIÑ: Bai, andrea. (Joaten da atzetik.)

JOXEPA: (Zelatatzera etorri da zirtzil hori. Erakutsiko diot bada nik...) (Atzeko atetik begiratuaz) (Inozo hark bidali du, bai. Ikusi behar dut horratik)

 

 

XV

 

Karmentxo; gero Juan

 

KARMENTXO: Zorigaiztoko seta galgarria! Zergatik nire bihotza horrela bihurritu behar dute? Zer dela eta, nire nahitasuna behartu nahi hau? Ez dut izan behar neure bihotzaren jabe!

JUAN: (Atzetik batetan sartuaz) Karmentxo!

KARMENTXO: Oi, Juan (Beregana joanaz) Juan nirea.

JUAN: Zurea?

KARMENTXO: Bai; nirea bai; ni zurea bezala.

JUAN: Amonak ordea...

KARMENTXO: Alferrik dabil eta alferrik ibiliko da. Ez da inor sortu askatuko duenik zurekin lotua naukan nahitasunezko korapiloa.

JUAN: Hitz horiek, nire barren ilunean, argitasunaren errainu bizikorra sortzen didate.

KARMENTXO: Alferrik dabilela! berriz ere esango dizut bada: Alferrik eta alferrik!

JUAN: Karmentxo, zuri entzun eta, berriro jaiotzen naizela iruditzen zait. Arestian, heriotza bera baino hilagoa aurkitzen nuen neure burua.

KARMENTXO: Ez duzu horrenbeste larritu behar.

JUAN: Zu bakarra izan zara ludi honetan, zoragarrizko alaitasuna nire barrenean sortu didana.

KARMENTXO: Aurrera ere, nik alaitsu eta zoriontsu egingo zaitut.

JUAN: Umezurtza, behartsua, ahula eta argala; eguzkiaren printza epelak lehenengo nire begietara argiaren ikusmena ekarri zutenerako, goibel eta atsekabe azaldu zitzaidan guzia. Ez ditut ezagutu ama baten laztan zoragarriak; aita baten ardura bigunak, ez dut behin ere jakin nolakoak diren. Jaberik gabeko gauza bezala, gizonen zapuzkeria artean amildu ziren nire lehenengo urteak.

KARMENTXO: Juan gizajoa!

JUAN: Inork nahi ez, alde guzietan ezin ikusia; hotza eta gosea besterik ez neukan; eta nire barrena, harkaitza bera baino gogorragoa egin zitzaidan. Koxkortzen nindoan bezala, argiago azaltzen zen nire atsekabezko biziera; bakarrik ikusten nuen neure burua; guziak nire kalte iruditzen zitzaizkidan; eta hala, bakartasun negargarri hartan, basurdea hortz zorrotzak erakutsiaz etsaien aurrean jartzen den eran, ni ere halaxe nengoen, besteen gaizki nahiak uxatzeko.

KARMENTXO: Gupidagarria zeunden.

JUAN: Ez zegoen gupidarik niretzat, ez nik ere besterentzat...

KARMENTXO: Zergatik ez?

JUAN: Haserrea, gaizki nahia, gorrotoa; ez nuen besterik ulertzen besteetan, ez eta neronen gogoan ere. Eta haserre biziz, amorruz, laia lurraren erraietan zanpatzen nuen; gorroto kiskalgarrian aitzurrari ekiten nion. Eta haserre lanarekin, haserre neronekin eta besteekin; etxe batetik alde, bestean sartu; zuen baserrira iritsi nintzen.

KARMENTXO: Ez zenduen hemen haserre eta gorrotorik aurkitu.

JUAN: Egi-egia. Ez dut inon izan hemen bezalako ongi etorririk.

KARMENTXO: Ez noski.

JUAN: Eta hemen, etxe honetan, nahitasunaren txinpart gartsuak, hila neukan bihotza, bizkor eta indartsu piztu zidan.

KARMENTXO: Juan gizajoa!

JUAN: Ametsetan ere, ez nuen ordu arte behin ere nabaritu nahitasunaren atsegin bizikorra; ez nekien zer zen elkarganako maitasuna, zure ezpain zoragarrietatik nire barrenera isuri zen arteraino.

KARMENTXO: Badakizu bada orain.

JUAN: Zoratu behar zitzaidan. Erotuko nintzela uste nuen. Zein atseginak diren bihotzak sortzen dizkigun amets eztitsuak!

KARMENTXO: Amets horiek dira bada, gure etorkizuna azaltzen dizkigutenak.

JUAN: Bai, Karmentxo...

KARMENTXO: Amets horiek lotu zituzten gure bihotzak, eta bizi guzian lotuak geldituko dira.

JUAN: Bai, Karmentxo: zure nahitasunezko hitzak lehenengo entzun nituenean, ez dakit zer gertatu zen nire barrenean. Adierazi nahi nizun nire poz eta atsegina... Ez nekien ordea nola. Eta lanari ekin nion gogotsuago eta bikainago. Nire lanarekin ordaindu nahi nizkizun zure nireganako nahi onak.

KARMENTXO: Ongi ordainduak izan ziren.

JUAN: Ez zen niretzat, ez gaurik ez egunik ez eguraldi txar ez onik; ekaitzik gogorrenetan ere bulartsu ekiten nion lanari, nire lana zelako zuri egiten nizun emaitza maitekorra.

KARMENTXO: Eta nik eskertzen dizkizut emaitza xamur eta eztitsuenak bezala.

JUAN: Nahitasunaren indarra zenbatez handiagoa den gorrotoarena baino! Zure nahitasunak ematen zidan ahalmenarekin, laia, lehen baino ere hondorago sartzen nuen soroan; aitzurrak, lehengo aldean zorrotzago ebakitzen zuen lurra; lan guziak errazagoak iruditzen zitzaizkidan. Eta Igeldoko mendi-tontorra jasotzeko agindu bazidaten, uste dut bere erraietatik etengo nuela, zure oinetan ipintzeko.

KARMENTXO: Kementsua zara.

JUAN: Bada, kemen hori guzia zure nahitasunak ematen didana da; eta zure nahitasunari nik, gogotsu, eskaintzen diodana ordu guzietan.

KARMENTXO: Zein maitagarria zaren, Juantxo!

JUAN: Eta horiek horrela direla, uste duzu utz niezaiokeela inori zu nire besoetatik eramaten?

KARMENTXO: Ez, Juantxo, ez!

JUAN: Ez, Karmentxo, ez! Ez du basakatuak bere umerik gordetzen, nik zu zainduko zaitudan halako indarrarekin. Alferrik ibiliko da zure amona, alferrik amerikano bizar luze hori, alferrik elkar hartzen badute ere ludiko ahalmen guziek; ez zaitu inork nire besoetatik aterako.

KARMENTXO: Ez dezazula uste, inork, zure besoetatik aterako nauenik! Ez Juantxo, ez. Hil ere, zure besoetan egin nahi dut.

 

 

XVI

 

Lehengoak eta Joxepa

 

(Joxepa azaltzen da atzeko atean)

 

JUAN: Zure nahitasunak ematen didan indarrarekin, alferrik ausartuko dira...

KARMENTXO: Ixo... amona...

JOXEPA: Zer da, zer da? Ez al daukazu soroan zer eginik?

JUAN: Hemen daude orain nire egipenak.

JOXEPA: Ez nazazula ernegarazi zure itxura gabeko aterakaiekin. Zoaz hemendik lanera, eta utz gaitzazu bakean.

JUAN: Karmentxo gordetzen daukat nik orain lana nahikoa.

JOXEPA: Karmentxok hemen dauzka bere amona eta osaba, eta ez duzu zuk horrekin zer ikusirik.

JUAN: Zer ikusirik ez daukadala? Ea nork nik baino gehiago!

KARMENTXO: Bai amona, Juanena naiz ni.

JUAN: Zaren bezala.

JOXEPA: Aski da. Ez dugu gehiago berriketarik behar. Esan dizut joateko hemendik lanera, eta alde egin ezazu nire begien aurretik.

JUAN: Ez naiz joango.

JOXEPA: Joango ez zarela? Horrela erantzuten al zaio etxekoandreari?

JUAN: Horrela erantzuten diot nik nirea den gauza bat lapurtu nahi didanari.

KARMENTXO: Juantxorena naiz, bai, amona.

JOXEPA: Ixo zuk. Eta zu: esku hutsik etorri zinen hona, zure murrutasuna besterik gabe, eta esku hutsik alde egin beharko duzu, nire aginduak osatu behar ez badituzu.

JUAN: Esku hutsik etorri nintzen, bai; ez dut ordea alde egingo neure Karmentxorik gabe.

KARMENTXO: Ez, Juantxo: ez zoazela ni gabe.

JOXEPA: Aski da. Ni naiz hemen etxekoandrea, eta nik agintzen dut: Juantxo: berehala, baina berehala, etxetik kanpora; eta zuri behar dena esango dizut.

JUAN: Alferrikako hitzak.

JOXEPA: Alde egiteko esan dizut, airean gero!

JUAN: Ez naiz joango gauzak zuzendu arte.

JOXEPA: Ausarta, ez besteren ausarta! Etxetik kanpora, berehala, berehala, alde hemendik.

 

 

XVII

 

Lehengoak eta Karlos. Azkenean Martzelo

 

KARLOS: (Atzetik sartuaz) Zer dugu, etxekoandre? Zer gertatzen da hemen?

JUAN: (Madarikatua!)

JOXEPA: Zer gertatuko da? Petral horrek ez duela inoren agindurik egin behar.

KARLOS: Txatxu hau al dugu orain ere?

JUAN: Bazterrak nahastera etorri den txatxua zu zara, eta besterik inor ez.

JOXEPA: Ikusten? Eta bereak handiagoak!

KARLOS: Etxetik airean bota behar dute inozo hori. Zertarako daukate hemen?

JOXEPA: Esan ez dizut bada... Ez duela joan nahi.

KARLOS: Ez duela nahi?

JUAN: Karmentxorik gabe ez.

KARLOS: Nik agindu behar banu, joan beharko luke horratik.

JUAN: Zuregatik? Gezurra dio zure muturrak.

JOXEPA: Ikusten? Zer lotsagabea!

KARLOS: Mutil, ez nazaala ernegarazi; bestela, belarri ondotik heldu, eta hor botako haut tximistak egiten.

JUAN: Kaxkartxoa zara horretarako.

JOXEPA: Lotsagabea!

JUAN: Karmentxo behar al duzu? Ez duzu bada izango.

KARLOS: Karmentxo nahi badiat, ez diat hire baimenaren beharrik.

JOXEPA: Ez noski.

JUAN: Zatoz, bada, bila.

KARLOS: Hiregatik, nahi dudanean.

JUAN: Nire Karmentxoz jabetzera? Gezurra duk hori, atzapar hauek dauzkadan bitartean.

KARLOS: Zertarako?

JUAN: Hi itotzeko!

KARMENTXO: Ez berotu gehiegi, Juantxo.

KARLOS: Hik ni ito? Lehenago xehatuko haut!

JOXEPA: Bai behar. Petrala, ez besteren petrala!

KARLOS: Zatoz hona, Karmentxo, niri agindua zaude eta.

KARMENTXO: Ez naiz joango.

JOXEPA: Beharko duzu.

KARLOS: Eta, onean nahi ez baduzu, gogorrean.

KARMENTXO: Ez!

JOXEPA: Beharko!

JUAN: Hator bila!

KARLOS: Ez badator bera, bai.

JOXEPA: Noski.

JUAN: Hiretzat Karmentxo?... Behin ere ez!

 

(Karlosek Karmentxogana joatera bezala egiten du, eta orduan Juantxok lepotik heldu eta itotzen du. Karmentxok heltzen dio Juantxori, gelditu nahian. Joxepa zentzurik gabe erortzera doa eta sartzen da Martzelo eta jasotzen du. Guziek batean oihu eta garrasi egiten dute) (Karlosek Karmentxogana joatera bezala egiten du, eta orduan Juantxok lepotik heldu eta itotzen du. Karmentxok heltzen dio Juantxori, gelditu nahian. Joxepa zentzurik gabe erortzera doa eta sartzen da Martzelo eta jasotzen du. Guziek batean oihu eta garrasi egiten dute)

 

KARMENTXO: Juantxo, geldi, Juantxo!

JOXEPA: Ai ama, zer da hau!

MARTZELO: Banekien zer gertatu behar zuen!

JUAN: Behin ere ez!!

 

(Jaisten da ezkuta-zapia)

 

BUKATU DA